Ceit zentro teknologikoak AutoTrust proiektuan hartu du parte. Proiektu hori mugikortasun kooperatibo, konektatu eta automatizaturako Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako funtzionaltasun fidagarriak garatzera bideratutako ekimena da.
Ceit landarediaren hazkundeak bide azpiegituretan eragindako interferentziak detektatzen ari da, Adimen Artifizial Esplikagarriko tekniken bidez AAren emaitzak azaltzen saiatuz.
Mugikortasun kooperatibo, konektatu eta automatizatuaren (CCAM) eremu konplexuak ez du oraindik konfiantza sorrarazten, eta hori da gidatze autonomoaren oinarrietako bat. Ceit zentro teknologikoa AutoTrust proiektuan parte hartzen ari den funtsezko zortzi bazkideetako bat da. Proiektu horren helburua Adimen Artifizialeko (AA) metodologia praktikoak proposatzea da, AAko sistemei fidagarritasuna, gardentasuna eta segurtasuna emateko.
Askotan giza gidarientzat eta ibilgailuetako adimen artifizialeko sistementzat agertzen den arrisku bat errepideetatik gertu dagoen landarediaren hazkundeak trafiko-seinaleak edo bide-azpiegituren funtsezko beste elementu batzuk blokeatzea da.
Ildo horretan ari da lanean Ceit, Adimen Artifizial Esplikagarriko (XAI) teknikak aplikatuz. Teknika horiei esker, interferentzia horiek zehatz-mehatz identifikatzeaz gain, AAko sistemek egoera horiek nola detektatzen eta erantzuten dituzten ulertu eta azaldu daiteke.
XAI teknikek ematen diten informazioari esker, gidatze adimenduneko algoritmoek eskainitako emaitzak ulertzeko eta azaltzeko aukera ematen dute, oklusioak bezalako egoera konplexuei aurre egiten dietenean eta landaretzak bide-segurtasuna arriskuan jar dezakeen egoeretan. Garatzaileentzat, algoritmoen funtzionamendua hobeto ulertzeko aukera ematen die, informazio zehatza emanez. Bestalde, azken erabiltzaileei, hala nola bide-azpiegituraren mantentze-lanez arduratzen direnei, informazio ulergarria eskaintzen die, erabakiak hartzea errazteko.
Interpretatzeko eta azaltzeko gaitasun horrek indartu egiten du erabiltzaileek eta arautzaileek teknologiekiko duten konfiantza, eta, horrela, bide-segurtasuna hobetzen da, gidarien eta ibilgailu autonomoen mesedetan.
AutoTrust Eusko Jaurlaritzak babesten du, 2023ko ELKARTEK deialdiaren bidez. Ceit-ekin lankidetzan, eta Vicomtech-en koordinaziopean, honakoek osatzen dute partzuergoa: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Automotive Intelligence Center (AIC), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan.