IKERLANek indartu egiten du bere posizioa Adimen Artifizial (AA) fidagarriko teknologiak garatzen, mugikortasun kooperatibo, konektatu eta automatizatuaren (CCAM) ekosisteman. AutoTrust proiektu europarraren zortzi bazkide estrategikoetako bat izanik, zentro teknologikoak bere esperientzia eskaintzen du AA sektore kritikoetara egokitzeko, hala nola automozioa, robotika eta trenbidea, non segurtasuna eta fidagarritasuna funtsezkoak diren.
Berriki, IKERLANeko taldeak HIPEAC 2025 foroan parte hartu zuen, errendimendu handiko konputazio eta sistema txertatuen erreferentziazko ekitaldian. Bertan, AA ingurune kritikoetan integratzeko erronkak aztertu ziren, eta IKERLANek parte hartu zuen saio teknikoetan, zein lankidetza eta ezagutza partekatzeko guneetan.

IKERLANen ekarpenaren giltzarrietako bat baliozkotze eta egiaztapen automatizaturako inguruneak garatzea da, simulazioan oinarrituta. Sistema horiek AA-ean oinarritutako berrikuntzen errendimendua eta segurtasuna benetako industria-eszenatokietan ebaluatzea ahalbidetzen dute, ezarpenaren aurretik fidagarritasuna bermatuta.
“IKERLANen, errendimendu handiko plataformetan oinarritutako sistema autonomoen garapenaren erronkei aurre egiten ari gara, Model-Based Engineering (MBE) eta simulazio aurreratuan oinarritutako ikuspegiak erabiliz, segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko”, azaldu du Irune Yarza IKERLANeko software txertatuaren eta simulazioaren arduradunak.

HIPEAC 2025 foroan egin zuen hitzaldian, Yarzak AA-ean oinarritutako sistema kritikoetan segurtasun funtzionalaren arloan egindako aurrerapenak aurkeztu zituen, teknologia horien fidagarritasuna bermatzeko baliozkotze zorrotz baten garrantzia azpimarratuta.
Gainera, AutoTrust-en ikerketa METASAT bezalako Europako beste ekimen batzuekin lerrokatzen du IKERLANek, AA garatzeko ingurune automatizatuak bultzatuz. HIPEACen izandako parte hartzeak, IKERLANen AA baliozkotzean duen lidergoa sendotzeaz gain; errendimendu handiko konputazioaren arloan ikerketa berritzaileak partekatzeko aukera eman zuen.
IKERLANeko ikertzaile den, Marcos Rodríguez, HIPEAC foroan aurkeztu zuen bere tesiaren aurrerapena, AA-erako hardware optimizazioaren arloan. GPUetako memoria esleipenari buruzko bere ikerketak sektoreko adituen interesa piztu zuen, eta zentroaren papera indartu zuen errendimendu handiko plataformetan AA prozesatzeko irtenbide eraginkorrak garatzeari dagokionean.

HIPEACen izandako parte hartzeari esker, IKERLANek aurrera jarraitzen du teknologia fidagarri eta seguruak garatzen, AA-ean berrikuntza bultzatuz eta mugikortasun konektatu eta automatizatuaren ekosisteman haien papera indartuz.