Gidatze autonomoa garatuagoa eta konplexuagoa bilakatzen dijoan heinean, eta era berean, adimen artifiziala garatu ahala, agerian geratu da erabakiak hartzea ulergarria izan behar dela autoko bidaiarientzat, bereziki, gizartean onespena lortzeko. Adimen artifiziala ulergarri eta fidagarri bihurtzeko prozesuan, funtsezko urratsetako bat da HMI (Human-Machine Interface) bidez erabakiak ibilgailuko bidaiariei azaltzea. Izan ere, “gizakia ardatz duen diseinua”, hau da, HMIren diseinua eta okupatzaileari azaltzeko gaitasuna, azken honen informazio hartu-emana gehituta, metodo eraginkorra izan da konfiantza lortzeko. HMIren diseinuak, automobilgintzaren sektorearen testuinguruan, erronka berriei egin behar izan die aurre; azken hamarkadetan aurrerapen teknologikoei erantzuteko, eta gaitasun eta eduki berrien garapenean ardaztu da nagusiki. Horrez gain, konplexuagoa bilakatu den heinean, eta segurtasun-arazoei erantzuteko, gai berri bat mahaigaineratu da: diseinuaren ikuspegia aldatzea, segurtasun-baldintzei heltzeko.

Testuinguru horretan, sei askatasun-graduko mugimendu-sistema duen ibilgailu-simulagailu bat oso tresna baliotsua da ibilgailuen joerak barneratzeko. Simulagailu horren potentzial handienetako bat oso eskalagarria den tresna dela da, diseinuaren ikuspegi berri horretarako joeren eta beharren arabera aplikazioen malgutasuna, berrikuntza eta etengabeko garapena ahalbidetzen duena. Aipatutakoak, besteak beste, ibilgailuaren dinamikarekin, adimen artifizialarekin, erabiltzailearen analisiarekin eta ingurune grafikoaren garapenarekin lotutako hainbat lan-arlo biltzen ditu.

Hain zuzen ere, sistema horiei esker, ibilgailu-modeloaren eta gidariaren edo erabiltzailearen (gidatze autonomoa izanez gero) artean beharrezkoa den bi noranzkoko komunikazioa gara daiteke driver-in-the-loop (DIL) simulazioetako lan-ingurune arin batean, eta horrek aukera ematen du egoera hasiberri batean ere berrikuntzak garatu eta probatzeko. Guztiz sensorizatutako ibilgailu moderno bat erreplikatzen duen simulazio batean giza faktorea gehitzeak, aukera ematen du egungo eta etorkizuneko ibilgailuen joeretan eta beharretan hainbat aplikazio interesgarri baliozkotzeko. Azkenik, hainbat erabilera-kasu defini daitezke, ibilgailuaren eta gidatzearen aldagaiak bistaratzea ahalbidetzen dutenak. Alde batetik, bi norabideko komunikazioa, erabiltzailearen dinamika- eta erosotasun-parametroak aldatzeko. Eta, bestetik, gertaeren alertetarako komunikazio-estrategiak, adimen artifizialeko ingurune esplikagarri eta fidagarri bat eskainita. Eta ez hori bakarrik, lan-ingurune horrek atea irekitzen die etorkizunean industriarentzat interes handia duten komunikazio-sistemen eta ADASen garapenei.